Aretxabaletako Eusko Alkartasuna 





komunitatEA 

ots 18 2010

Pello Urizar: “Euskal Herria alferrik gal ez dezakegun aukera baten aurrean dago”

Honek argitaratua: aretxabaleta ordu honetan: 12:43:43 hemen: EA Berriak

Euskal politika aro berri batean sartu da eta barne gogoeta egin ondoren ezker abertzaleak ezagutzera eman dituen ondorioak hori osatzera datoz. Aro berri batean gaude eta hor, zalantzarik gabe, garrantzitsuena zera da: alderdi subiranisten arteko erabateko adostasuna autodeterminazio eskubidearen aitorpenaren aldeko edozein aurrerapauso soilik bide zibilen eta demokratikoei jarraituz etorri behar duela aldarrikatzeko orduan.

Eusko Alkartasunak subiranisten arteko ekintza batasunaren aldeko apustua egin du beti, erabakitzeko eskubidearen defentsan euskal Herriak pairatzen duen blokeo egoera gainditu ahal izateko; beraz, Eusko Alkartasuna bezalako alderdi batentzat albiste ona da hori lortzeko bidea erraztea.

 

Geuk, Eusko Alkartasunak, herri honetan normalizazio politikoa eta bakea lortzea ahalbidetuko duen ekintza batasuna sortzen saiatu diren prozesu guztietan parte hartu dugu: Lizarra-Garazi, Maltzagako Mahaia, Nazio Eztabaidagunea… Politika, politika bakarrik, egiteko aukera zegoen ekimen guzti-guztietan parte hartu dugu.

 

Eta oraingo honetan, Euskal Herria alferrik gal ez dezakegun aukera baten aurrean dagoela uste dugu. Eusko Alkartasunak, zalantzarik gabe, lan egingo du aukera hau gauzatzeko, indarkeriarik gabeko gizarte aske batean gauzatzeko, proiektu politiko guztiak -herritarren babesa baldin badute- egingarriak izango diren gizarte aske batean gauzatzeko.

 

Aukera hau bakea lortzeko aukera da, eta garrantzitsua da horrela nabarmentzea. Urteak eta urteak daramatzagu gai honetan behin betiko aurrerapausoa indarkeriaren deslegitimazioaren bidez emango genuela esaten eta entzuten. Eta indar politiko guztiek, guztiek, bide demokratikoen eta baketsuen aldeko apustu egitea deslegitimazio modurik eraginkorrena da. Ezker abertzalea inoiz ez da horrela azaldu, eta are gutxiago tregoa ez dagoen egoera batean. Beraz, atzo argitaratu zen adierazpena berria eta ausarta dela adierazi behar dugu.

 

Eusko Alkartasunan Mitchell Printzipioen aldeko apustuaren garrantzia azpimarratu nahi dugu, printzipio horiek Irlandan hain gatazka gordina konpontzeko tresna eraginkorra izan baitziren. Mitchell senatariaren printzipioen lehendabiziko oinarria konpromiso argia da: “arazo politikoak konpontzeko bide demokratikoak eta baketsuak bakarrik erabil daitezke“.

 

Eusko Alkartasunak erabateko konpromisoa exijituko du oinarrizko printzipio horrekiko, guretzat funtsezkoa izan delako, delako eta izango delako. Soilik bide demokratikoen eta baketsuen erabilpena bermatu behar da, baina ez bakarrik prozesu demokratiko berria lortzeko negoziazio prozesuan, baizik eta Euskal Herrian egiten den ekintza politiko orotan.

 

Hori, ez besterik, bide bakarra dela uste dugu.

 

Eusko Alkartasunak aukera historikoaz hitz egiten du, atzoko adierazpenak bi gauza ekartzen dituen uste osoa dugulako:

 

- Lehena, Euskal Herrian bakea lortzeko behin betiko urratsa ematen ari garela. Honaino iritsita, ordezkari politikoak kartzelan eta instituzioetatik kanpo egonda apustu honi eutsi egiten zaiola kontuan hartuta, atzera egitea zaila izango dela uste dugu.

 

- Bigarrena, mugimendu subiranista baketsu bat osatzen hasteko oztopo nagusia desagertzen da, egungo egoera politikoa aldatzearren indarrak biltzeko gai izango den mugimendu bat, alegia. Subiranistok politika elkarrekin egiten has gaitezke, herri honen gehiengo sozialaren ideologia errespetatua izan dadin eta instituzioetan eta erabakitzeko eskubidean isla zuzena izan dezan.

 

Eta honek esan nahi du, baita ere, jarrerak eta jokaerak argitu behar direla. Hau ez da anbiguotasunez edo alderdikeriaz jokatzeko garaia. Hau ez da gehiengo osoak bilatzeko garaia, beste porrot batzuk konpentsatu nahian, ezta erregionalismoen aldeko apustuetarako garaia ere, orain Herria egin behar dugulako.

Etiquetas blog: mugimendu soberanista ezbiolentzia movimiento soberanista no violento ; normalizazioa aukera ;
Etiquetas todos los blogs: mugimendu soberanista ezbiolentzia movimiento soberanista no violento ; normalizazioa aukera ;

Trackback URI | Comentarios RSS

Iruzkin bat idatzi