Aretxabaletako Eusko Alkartasuna 





komunitatEA 

uzt 24 2009

EAk Hezkuntzari eskatu dio hemendik urtebetera lege bat aurkez dezala hizkuntz ereduen sistema gainditu eta bi hizkuntz ofizialen irakaskuntza bermatzeko

Honek argitaratua: aretxabaleta ordu honetan: 09:46:59 hemen: EA Berriak

Legebiltzarrean aurkeztu duen legez besteko proposamen batean Jesus Mari Larrazabalek Isabel Celaa sailburuari eskatu dio marko legal berri bat hezkuntza eragileekin adosteko eta 2010eko azaroa baino lehen aurkezteko

2009/07/21 | Eusko Jaurlaritza | <!—->

Eusko Alkartasunak ez dio Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburu Isabel Celaari utziko legealdia alferrik igarotzen, hizkuntz ereduen sistemaren berritzeari heldu gabe, kargua hartu zuenetik egin dituen adierazpen publikoetan bere asmoa hori dela ondorioztatzen baita.
Horrexegatik, lau urte hauek alferrik joaten uzteko prest ez gaudelako, EAk eztabaida hori mahai gainean ipiniko du udako oporraldiaren ondoren urte politikoa hasi bezain laster. Jesus Mari Larrazabalek legez besteko proposamen bat aurkeztu du jada Legebiltzarrean eta bertan urtebeteko epea, 2010eko azaroaren 1a arte, ematen dio Hezkuntza sailburuari indarrean dagoen hizkuntz ereduen sistema gaindituko duen eta irakaskuntza-marko berri bat ezarriko duen lege-proiektu bat aurkezteko, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza (DBH) amaitutakoan ikasleak benetako elebidunak direla bermatuko duena, alegia. Aldez aurretik Hezkuntza Sailak sektoreko eragile guztiekin adostu beharko du lege-proiektu hori, EAko legebiltzarkidearen ekimenak dioenaren arabera.
A, B eta D ereduak aplikatzearen emaitzek sistema hori gainditzea ezinbestekoa dela erakusten dute, marko legal berria behar dela EAEko ikasle guztiek derrigorrezko ikasketak bukatzen dituztenean gaztelaniaz ez ezik, euskaraz ere dakitela bermatzeko, Euskal Eskola Publikoaren eta Euskararen legeek agintzen duten bezala.
EAk eta hezkuntza komunitate osoak argi dugu ereduen sistema gaindituko duen lege bat onartzea presazkoa dela eta, ondorioz, Celaa sailburuak zentzu horretan inolako borondaterik erakutsi ez izanak kezkatu egiten gaitu. Izan ere, gai horren inguruko adostasun handiak lortu ezean, ez dela erreformarik egongo esatea, berak egin duen moduan, bere borondate falta ezkutatzeko aitzakia txar bat baino ez da. Bera da Hezkuntza sailburua eta berari dagokio akordioak lantzea eta lortzea; arazoa da ez duela hori egin nahi horrek PPren haserrea ekarriko lukeela eta Patxi Lopezen Gobernuaren egonkortasuna arriskuan jarriko lukeela dakielako. Celaak, gainera, ez luke zerotik hasi beharko, Hezkuntza Sailaren aurreko taldeak, Tontxu Camposek zuzendutakoak, neurri handi batean lan hori aurreratu zuelako, sektoreko eragileekin nahiko akordio zabalak erdietsi zituelako.
Euskal hezkuntza sistema ezin daiteke PSEren behar politikoen menpe egon; eskolan bi hizkuntz ofizialak ikasten direla bermatuko duen lege bat lehenbailehen behar du, Isabel Celaak A ereduan proposatzen duen aldaketa, ikasgairen bat euskaraz ematea, hain zuzen ere, alferrikako adabakia besterik ez delako. Nola irakatsiko zaie ezer euskaraz hizkuntz hori ulertzen ez duten ikasleei?

Etiquetas blog: hezkuntza ; hizkuntza euskara Larrazabal ;
Etiquetas todos los blogs: hezkuntza ; hizkuntza euskara Larrazabal ;

Trackback URI | Comentarios RSS

Iruzkin bat idatzi