Aretxabaletako Eusko Alkartasuna 





komunitatEA 

uzt 13 2009

ADAR JOTZE EKONOMIKO-FINANTZARIOA.

Honek argitaratua: aretxabaleta ordu honetan: 09:34:11 hemen: Ekonomia: aurrekontuak, etab...

Kiroletxeko prestamoa uztailean eskatu ahal izateko,  Foru Aldundiak exijitutako Plan Ekonomiko-Finantzarioa onartu dute. Presaka eta inongo analisi gabe. Aste bete inguruko baliogarritasuna izango duen Plana, benetako analisia onartu ostean hasiko bait da.

EAk seriotasuna eskatu du.

Uztailak 8an, Ezohizko Bilkuran, Udalbatzak baiezkoa eman zion Udal Gobernuak aurkeztutako 2009-2012 Plan Ekonomiko-Finantzarioari. Aldeko botoak zortzi izan ziren eta aurkakoak bi, EArenak. Zergatik?

2009. Urteko aurrekontua defizitean onartu zen Kirol Etxe berrian egin behar den inbertsio zentzugabearen eraginagatik. Egoera horretan dauden Udaletxeek Foru Aldundiaren babes edo tutoretza finantzarioa jaso behar dute, horretarako hiru urterako plan bat aurkeztu behar zaiolarik, non Udal finantzen oreka lortuko dela bermatu behar den.

Udal Gobernuak aurkeztutako planak lortzen du oreka hori – paperean ez da zaila –, baina azken emaitza hain da pirrikoa soberakin garbia ia zero dela. Eta hori larria al da? Gure ustez bai, soberakinik ezean ez baitugu dirurik izango inbertsio zuzenik egiteko ez eta zor bidez finantziazio gehiago lortzeko ere – ez ahaztu Kirol Etxea finantzatzeko dagoeneko 12 milioi euroko zorra aurreikusten dela eta honek 15 urtez, urtero urtero, 700.000 eta 900.000 euro bitarteko pasibo finantzarioa suposatuko diola Udaletxeari. Eta inbertsiorik egiten ez duen herria atzean gelditzen da bai zerbitzuetan, bai azpiegituretan eta baita bizitza kalitatean ere.

Guzti honek aditzera ematen du Udal Gobernuak ez duela serio lan egin. Jakin badakite, ez beren kabuz baizik eta behin eta berriz ala esan diegulako, etorkizuneko proiektuak finantzatu ahal izateko urtero 1,2 eta 1,5 miloi euro arteko aurrezki garbia sortu behar duela Udalak. Eta horretarako hemendik lau euro eta handik beste bost ketzeak ez du balio. Lanak askoz analisi serioagoa exijitzen du, dirua zertan, nola eta zein emaitzekin gastatzen den aztertuz, alegia. Gastu eta transferentzia partida guztiak zalantzan jarri beharra dago. Ez du balio gastuekin bere horretan jarraitzea “tradizioa” delako. Edonolako gasturik aurrekontuetara – edo plan batera – eraman aurretik lehenik gastu horrek Udalaren helburuekin bat egiten duela ziurtatu behar da eta gero gastuaren errentagarritasun soziala modu zehatz eta zorrotzean justifikatu behar da. Baina Udal Gobernu honek ez du ez bata ez bestea egiteko gaitasunik.

Beren ardura guztia izan da paper batzuk bete eta txosten bat idaztea Foru Aldundiaren babesa lortzeko. Zergatik? Babes hori gabe ezin izango zutelako inongo bankutik krediturik jaso. Eta krediturik ezean ez dago Kirol Etxe berririk egiterik. Hori da helburu bakarra, kreditua eskatu ahal izatea; ez Udal finantzen panorama orekatu, serio eta zentzudun bat lantzea.

Are gehiago, EAk ala eskatuta oraingo egunetan Udal Gobernuak lan prozesu bat irekiko du – lau hilabete berandu bada ere – aurrekontuen analisi serio eta zorrotz hori gauzatzen saiatzeko. Beraz, onartutako planak aste bete inguruko baliotasuna baino ez du izango. Eta horri deritzogu, hain zuzen, adar jotzea. Adar jotzea herritarrei, gauzak beti berandu eta modu arduragabean egiten dituztelako. Eta adar jotzea Foru Aldundiari, gezur hutsa den txosten bat aurkeztu diotelako.

Baina presak presak dira eta kreditua eskatu beharraren kakalarriak bultzatuta Aralarrek, EAJ-k, PSE-ek eta Ezker Batuak baiezkoa eman diote adar jotze honi. Jakina, Kirol Etxearen proiektua berraztertu eta merkexeagoa den zerbait egitearen inguruan ez dago hitz egiterik, EAk mila aldiz eskatu duen legez. Dena dela, historia guzti honen funtsa den arren, zuen pazientziaz ez abusatzeko honen berri beste batean emango dizuegu.

 

 

 

 

 

Etiquetas blog: prestamoa plan ekonomiko finantzarioa ;
Etiquetas todos los blogs: prestamoa plan ekonomiko finantzarioa ;

Trackback URI | Comentarios RSS

Iruzkin bat idatzi